Bihotz-bihotzez: ON egin!

Inertziaz egin nuen bart; arropa berri txukun jarri, ikusgai, lo egonagatik bertan zegoela egiaztatzeko. Kamiseta berriak, zapatila berriak. Jada ez ditu amak txukun jartzen. Gure lana da orain. Handiak egin gara, antza. Ikastolara itzultzear gara, aspaldiko partez. Burutan dauzkat Bekoplazako errekreoa, Haur Hezkuntzako etxabeak, ostiraletako Superman txikiak (artean Superwomanik ez zen gure buru txikietan), gometxak, Ranroberra eta galdu genituen esnezko lehen letaginak.

Gogora ekarri nahi ditut Ikastolara eskutik helduta eramaten gintuzten haien irudia.
Desagertu dira batzuk; ahaztu zaizkigu beste zenbait. Lausotu da iragana. Ikastolara bidean noa, emakume altu baten baitan bizi den haur txikiarekin.

Nire haurtzaroa Bekoplazan bizi delako, hartxintxar artean; lurrez betetako mantalarekin eta belarra altxa ostean agertzen ziren txitxareekin. Jon Braun indio txiki bat izango delako beti, gu bezalaxe. Falta zaizkigunei keinu bat luzatuz, euskaratik eta euskaraz, bihotz-bihotzez: ON egin!

Garazi Kamio (Andoain - 2012-10-07)
--------------- 
 AITA LARRAMENDI IKASTOLA - ANDOAIN - URRIAK 7...
 OMENALDIRIK MEREZIENA...

  IZAN ZIRELAKO GARA...
 ... ETA GARELAKO IZANGO DIRA