KILOMETROAK 2012 JAIAK XEHETASUN GUZTIAK AURKEZTU DITU ALBISTE BILUMARA ITZULI

Ibilbidea, egitaraua eta beste hainbat osagai aurkezteaz gain, Andoainera joateko garraio publikoa erabil dezaten eskatu diete antolatzaileek bertaratzeko asmoa dutenei.

Urriaren 7an Andoainen egingo den Kilometroak 2012 ekitaldiaren aurkezpena egin dute gaur goizean Aita Larramendi ikastolako eta Kilometroak Kultur Elkarteko ordezkariek Donostian, Gipuzkoako ikastolen festari dagozkion xehetasun denak argituz eta bertara joateko asmoa dutenei gonbidapena edo gomendioa baino gehiago eskaera dena luzatuz: bertaratu daitezela, arren, garraio publikoa erabilita.


'On egin' goiburupean egingo den festaren xede nagusietako bat Aita Larramendi ikastolak behar duen eraikin berrirako laguntza biltzea izango da. Festa giroan, noski, eta ingurumenean ahalik eta arrasto txikiena utzita. Hori dela eta, garraio publikoa lehenetsi dute, RENFEk zen Andoainera iristen diren autobus konpainiek zerbitzuak asko indartuko dituztela aurreratuz.

Egunaren ardatz, bost gune izango dituen 6,3 kilometroko ibilbidea prestatu dute, baita adin eta mota guztietako publikoa asebetetzeko egitaraua ere. Xedea 'zero zabor' filosofiarekin bat egitea denez, hondakinen kudeaketaren aldetik etorriko dira berrikuntza nagusiak. Besteak beste, jantoki denetako tresneria berrerabilgarria izango da.

Horrez gain, eta goiburutik hasita, inoiz baino presentzia handiagoa izango dute teknologia berriek aurtengo Kilometroetan,  wi-fi konexioa jarriko dute. Hala, Guifinet proiektuaren bidez, festan dauden jendearen mezuak eta argazkiak jaso nahi dituzte. Ondoren, Euskaltelek jarriko duen pantaila erraldoi baten bidez, eta kilometroak.net nahiz berria.info atariaren bidez zabalduko dituzte.