LEHERTU DA FESTA ANDOAINEN ALBISTE BILUMARA ITZULI

Eguraldia lagun, milaka lagun dabiltza jada Kilometroetako ibilbidean

Hasiera ekitaldi xume bezain hunkigarriaren ostean, Kilometroen jaia erabat lehertu da Andoainen. Milaka dira jada ibilbidean zehar dabiltzan lagunak, eguraldia lagun hartuta, euskararen aldeko festaz gozatzen.

Irati Landak eta Gurutze Unzaluk ebaki dute jaiari hasiera ematea ahalbidetu duen zinta. Aita Larramendi Ikastolako ikasle hasi berria da bata eta batxilergoko ikaslea bestea. Ohorezko zinta puska Juan Mari Larrartek eta Jose Mari Sorsek jaso dute Martin Ugalde Kultur Parkeko ordezkari gisa.

Hasiera ekitaldian izan dira hizlari gisa Arantxa Irigoras ikastolako lehendakaria, Ana Karrere Andoaingo alkatea, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburua, Arantxa Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia.

Andoaingo dantzariek dantzatutako Ezpata Dantzaren ostean hartu du hitza Arantxa Irigorasek. Zorion eta gonbiteen ondotik, “konpromisoa” eskatu die hark han bildutako politikariei ikastolek euren erronkak bete ahal izateko. Ana Karrere alkatea ere ildo beretik mintzatu da Kilometroetako ibilbideak dituen gorabeherak eta euskararen egoerak dituenak alderatuz. Hezkuntzan murrizketarik ez egiteko eskatu die hark Jaurlaritzako ordezkariei “hezkuntza gutxiesten duen herriak ez duelako etorkizunik”.

Andoaingo dantzari gazteek dantzatutako Axeri Dantzaren ostean hartu du hitza Isabel Zelaa Hezkuntza Sailburuak –Andoainen tradizio handia duen dantza da axeriarena, belaunaldi batetik bestera pasatzen dena-. Zelaa gogor mintzatu da Espainiako Hezkuntza Ministerioak abian jarritako “kontraerreformaren” aurka. Hari aurre egiteko elkarlana sustatu eta sendotu beharraz mintzatu da eta Euskal Hezkuntza Lege berri baten premia aldarrikatu.

Arantxa Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak ere Hezkuntza Lege berriaren premia aldarrikatu du “publiko eta pribatu dikotomia gaindituko duena”. Herri ekimenaren indarra goratu eta haren beharra aldarrikatu du Manterolak, baina administrazioaren laguntza eta inpikazioa eskatu ere bai.

Martin Garitano ahaldun nagusia izan da hitza hartzen azkena. Gipuzkoako Aldundiak euskalduntzearekin duen konpromisoa gogorarazi eta berretsi ditu lehenengo, iaz Azpeitian egindako kilometroetan agindutakoak betetzen ari direla nabarmenduz. “Mehatxu eta irain guztien gainetik ari gara horretan, baina ez gaude asetuta eta ez gara betekadaren beldur”.

Eta agintari guztiak lagun hartuta ekin diote guztiek ibilbideari. Hauteskunde kanpainan bete-betean sartuta gaudenez, asko izan dira Andoainen bildutako politikariak eta hedabideak. Han izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu eta Laura Mintegi EAJko eta EH Bilduko lehendakarigaiak, hurrenez hurren, euskalgintzako ordezkaritza zabalarekin batera.

Hasiera ekitaldia (streaming, zuzenan)