OMENALDIRIK MEREZIENA ALBISTE BILUMARA ITZULI

Hunkituta eta eskertuta. Halaxe jaso dute Maria Jesus Ugaldek eta Miren Erkiziak urteetan Aita Larramendi Ikastolaren alde egindako lanaren aitortza. Ia mende erdiz ikastolatik igarotako guraso eta irakasleen izenean jaso dute. Hasierako garai zailak gogoratuta “miraria” iruditzen zaie ikastolak ia 900 ikasle izatea. “Oso polita da nire ikasle izandakoen seme-alabak ikastolara datozela ikustea, ikastolak aurrera jarraitzen du”, esan du Ugaldek.

Marilu ArrutiIk gidatu du omenaldi ekitaldia. Ugaldek eta Erkiziak Iker Vallek egindako eskultura jaso dute. Eskulturan besarkada bat irudikatzen da, esker onaren adierazle. Maria Jesus Ugaldek duela bost urte hartu zuen erretiroa, 41 urtez ikastolako irakasle izan ostean. “Irakasle ikasketak amaitu, eta handik astebetera hasi zen eskolak ematen”. Frankismo garaia izanda, gurasoek seme-alabak ikastolara eramateko egiten zuten ahalegina ekarri du gogora. “Klandestinitatean ematen genituen eskolak, eta herritarrek utzitako lokaletan”. Urte hauetan “babestuta, maitatua eta onartua” sentitu dela nabarmendu du.

Hasieratik guraso eta irakasleen artean izandako harreman ona ere ekarri nahi izan du gogora. “Zenbat irteera ez genituen egingo guraso elkartekoekin, haiek gonbidatuta, gainera”. Horixe bera berretsi du Miren Erkiziak. “Ikastolan sartzen zinenean, militantzia batean ere sartzen zinen. Denek egiten genuen lan proiektua aurrera ateratzeko: gurasoek, irakasleek, ikasleek…”. Guraso elkartean aritu zen Erkizia. “Gogoan dut hasiera batean denetik egin behar genuela. Baina bereziki bi gauza gogoratzen ditut: kanpaldiak antolatzen hastea eta sanjoanetako danborradarako jantziak prestatzea”. Ilusioz egiten zuten lan guztiek, eta egun Aita Larramendiren hezkuntza proiektua errotuta eta sendotuta dago Andoainen. Ikastolak 900 ikasle ditu ia “Zorionak eman behar dizkiogu herri guztiari. Hasierak zein zailak izan ziren kontuan hartuta, hau mirari bat izan da.”, esan dute biek. Halaber, urte hauetan ikastolatik igarotako guraso, ikasle eta irakasle guztiak izan dituzte gogoan; azken batean, ikastolaren familia.

Lekukoa, Tolosari

Eguerdiko ekitaldia hurrengo urtean Kilometroen jaia antolatzea egokitu zaion Tolosako Laskurain ikastolari lekukoa emateko baliatu dute. “Harrotasunez eta arduraz” hartu dute zeregina, Joxean Oiz ikastolako lehendakariak azaldu duenez. “Espero dugu Andoainek bezain ondo antolatzen asmatzea, eta batez ere haiek bezain ondo pasatzea lan horretan”

Omenaldirik mereziena ‎(streaming, zuzenan)‎