AURREIKUSPEN GUTZIAK GAINDITU DITU "KILOMETROAK 2012" JAIAK ALBISTE BILUMARA ITZULI

Gaur Andoainen ospatutako Kilometroak 2012 jaiko antolatzaileek egunaren balorazio “erabat positiboa” egin dute, eta aurreikuspen guztiak gainditu direla nabarmendu dute. Goizean goizetik eta eguraldia lagun milaka euskaltzale bildu dira Andoaingo zirkuituan zehar. Eta zirkuitua ireki den unetik bertatik jende andanak bete ditu herriko bazter guztiak. Horrez adierazgarri da, esaterako, goiz erdian ibilbidea egokitu egin behar izan dela ikastolara ailegatzeko zubiaren inguruan.

Hainbat gunetan bildu den jendetza dela eta, besteak beste, agortu egin dira arropa, diru trukerako tiketak eta jan-edariak ere. 3. gunean diru trukerako tiketak amaitu dira eta 2. gunean Sorabillan erretako txahalaren pintxoak agortuta zeuden 13:15erako.


Goizean goizetik, eta jendetzaz harago, segurtasunari dagokionez ere ez da inolako ezustekorik izan. Goizean 15 minuturo ibili dira trenak joan-etorrian, eta milaka euskaltzale bide horretatik heldu dira Andoainera. Auto eta autobusentzat prestatutako aparkalekuak ere bete egin dira, baina ez da pilaketarik sortu. Goizeko irekiera ekitaldian ere agintari instituzional guztiek egin dute bat Kilometroak jaiaren aldeko aldarriarekin, eta euskarazko hezkuntzaren erabileraz eta beharrarekin. Eguerdian omenaldi hunkigarri eta beroa jaso dute, bestalde, Miren Erkizia eta Maria Jesus Ugalde. Ikastolako guraso eta irakasleak omendu dira haien bidez. Biak bat etorri dira 1963an Andoainen hasitako proiektuak egun duen indarra izatea “miraria” dela esaterakoan.

“Ikastolaren eraikin berrirako bultzada eskatu genuen, eta gaur bultzada jaso dugu. Benetan pozik gaude euskaltzaleek emandako erantzunarekin”, adierazi du Arkaitz Lasa Kilometroak 2012ko koordinatzaileak.